Fermin Muguruza

115

1983. urtean sortu zuen Fermin Muguruzak bere lehen musika taldea, 20 urte besterik ez zuela: Kortatu. Iñigo Muguruza anaia txikia eta Javier Armendariz Treku izan zituen bidaide lau urte iraun zuen abentura hartan. Talde mitiko harekin punk, rock eta ska giroak jorratu zituen, nerabezaroaren sukarraz dibertsioa eta aldarrikapena uztartuz.

Kortatu desegin eta gero, 1989. urtean, Negu Gorriak sortu zuen, berriz ere Iñigorekin, baita Kaki Arkarazo (M-ak) gitarrista eta soinu hartzailearekin ere. Geroago, Mikel Kazalis (Anestesia) eta Mikel Abrego (BAP!!) batu zitzaizkion hirukoari. Sekulako astindua ekarri zion taldeak euskal rockari, eta eragin handia izango zuen geroago sorturiko hainbat talderen artean. Negu Gorriak aitzindaria izan zen mestizajearen bidetik musika era ezberdinak nahasten eta teknologia berriak erabiltzen.

Taldea maila gorenean zela, 1996. urtean, Negu Gorriak desegiteko erabakia hartu zuen bostekoak, eta bakarkako bideari ekin zion Muguruzak. Lehen saioa Dut hiruko taldearen alboan egin zuen. Negu Gorriaken hainbat kontzertutan aritutakoa zen Dut, eta bi disko zituen kalean, Esan Ozenki diskoetxearen eskutik. Isiltasunean eta sekretupean landuriko proposamen hori Muguruzak gustukoak dituen efektu kolpe horietako bat izan zen. Musikalki, Negu Gorriaken gogortasunaren jarraipen gisa har daitekeen arren, ñabardurak eta berezitasunak zituen elkarlan berriak. Nagusiki rock indartsu eta hardcore giroetan murgildu zen Muguruza, Joseba Ponce (baxua), Galder Izagirre (bateria) eta Xabi Strubell (gitarra) musikariekin batera. 1997. urtean, Xabi Pery (Itoiz) soinu teknikariaren estudioan Ireki ateak (Esan Ozenki) grabatu zuten, eta nazioarteko kontzertu bira abiatu zuten diskoa aurkezteko: Kuban, Argentinan, Uruguain, Kolonbian, Venezuelan, Espainian (Madrilgo Festimad jaialdian, besteak beste) eta, noski, Euskal Herrian aritu ziren, baita New Yorkeko CBGB areto mitikoan ere. Gaitzerdi antzerki taldeak landutako eszenografia ikusgarria erabili zuten Euskal Herriko emanaldietan.

Taldearen webgunea

Diskoak entzun edo erosi hemendik:




  • GAIAK
  • F
ELKARBANATU