Huntza

Huntza 2014an Bilboko kaleetan sortutako musika taldea da. Unibertsitate giroan elkartutako 6 gaztek osatzen dute eta beraien helburua, sortzen duten musika Euskal Herri osora zabaltzea da. Ostegun iluntzeetako trikipoteo eta Eguenero elektrotxarangan ezagutu eta noizean behin elkartzen hasi ziren ondo pasatzeko asmotan. Taldeari forma ematen joan ziren heinean, kantuak konposatzen hasi ziren, bakoitzak bere esperientziatik jasotakoa elkarbanatuz. Aipatu bezala, Bilbon sortutako taldea den arren, taldekide guztiak gipuzkoarrak dira. Lasturkoa da Josune Arakistain Salas, trikitilari eta ahotsa. Ibilbide oparoa izan du trikitixaren munduan, 2013 eta 2014-ko Euskal Herriko Trikitilari Gazteen txapelketak irabazteaz gain, plazarik plaza ibili izan baita urte askotan. Uxue Amonarriz Zubiondo eta Aitor Huizi Izagirre hernaniarrak dira. Lehena, pandero jole eta ahotsa da taldean, nahiz eta txikitatik trikitixarekin harremana izan duen; bigarrena, aldiz, biolin jolea da, eta herri musikak betidanik erakarri izan du, hainbat dantza-talde zein herri-musikaren inguruko taldeetako partaide delarik. Anaiak dira, Ataungo Aitzol eta Inhar Eskisabel Ruiz. Gitarra eta baxua jotzen dute eta lehenago Indarra taldean ibilitakoak dira biak. Baterian, Peru Altube Kazalis arrasatearra dugu. Gaztetan perkusioan murgildu zelarik, Garraxi taldean eman zituen lehen pausoak eta orain Huntza taldearekin batera The Potes taldean dihardu. Hori horrela, taldearen lehen agerpena 2016ko martxoaren 8an izan zen, Harro gaude kantua plazaratuz. Honetan, oholtza gainera salto egin zuten lehen emakumeak omentzen dira. Hasiera apal honek, ateak ireki zizkien jarraian etorriko ziren kontzertu eta agerraldiei.

0
609

DISKOAK

ENTZUN EDO EROSI

ORAIN IDATZI