Lifi seinale berria

0
183

Gaur egungo ordenagailuek, mugikorrek edo tabletek erabiltzen dituzten konexioak 3G, 4G edo wifi motatakoak izaten dira, abiadura bizkorra eskaintzen dutenak. Baina horrelako seinalea pertsona askok aldi berean erabiltzen badute arazoak sortzen dira, hots, abiadura murriztuz eta zenbait kasutan zerbitzua galduz. Buruhauste hauek 3G edo 4G zerbitzuak erabiltzen direnean gertatzen dira, wifi seinalearen kasuan aldiz, ez da askotan ematen. Hori bai, wifi-a erabiltzeko leku zehatz batean egon beharko ginateke, beraz, konexioa mugatua egongo litzateke.

Imajina ezazue edozein lekutan zaudetela, mendi altu bateko aterpean, hegazkin batean… Hau da, gaur egun internetera konektatzea ezinezkoa den leku batean. Bertan Li-Fi teknologiarekin konektatzea posiblea izango litzateke.

Zer da LI-FI?

Datuak bidaltzeko eta jasotzeko balio duen teknologia da, LED bonbillak erabiltzen dituena Internetera konektatzeko. Argi mota hau, ikusten ez diren izpiek sortzen dute, oso arinak dira, gizakiok ikusi ezin ditugunak, baina oso erabilgarriak etorkizun hurbil batean. LED bonbillak piztuta daudenean prozesu bat sortzen da: Hamar miloi bider segundoro piztu eta amatatzen dira, informatikan ezagutzen den zenbaki-sistema bitarra (0 eta 1) erabiltzen duena informazio bidaltzeko eta jasotzeko. Hau posible egiteko, LED bonbillan txip igorle bat jarri behar da eta erabiliko dugun gailuan (ordenagailuan, mugikorrean,…) hartzaile seinalea jasoko duen beste bat, hau dena, argiaren bitartez.

Lehenengo probetan, argi fluoreszenteak erabiltzerakoan, emaitzak nahiz eta oso onak izan, oso abiadura baxua lortu zen. Beranduago, LED bonbillekin abiadura handiagoak lortuko ziren. 2011. urtean Edinburgoko unibertsitateko irakasleak, Harald Hass-ek, Li-Fik sistema instalatua zeukan gailu baten bitartez, 10 Mb/s-ko abiadura lortu zuen. Gaur egungo zientzialariek, urteekin abiadura handiagoak lortuko direla adierazi dute, momentuz laborategietan 224 Gb/s-ko abiadura lortu da.

Datuak bidaltzeko edo jasotzeko abiadura oso handia izango genuke, baina zer gertatuko litzateke liburutegi baten hogei pertsona aldi berean bonbilla batetik nabigatzen edo zerbait deskargatzen egongo balira? Abiadura motelduko litzateke wifi teknologiarekin bezala? Kasu honetan ez, ordenagailu bakoitzak seinale bera jasoko luke eta hogei pertsona hauek konexio abiadura berbera jasoko lukete.

Demagun kaletik goazela eta farolen argia jasotzen dugula, argi horrekin nahiko izango genuke internetera sartzeko. Gauza berbera gerta daiteke hegazkin batean, bidaiari bakoitzak bere LED bonbilla izango luke eta gainera hegazkinarekin ez litzateke interferentziarik egongo. Baina dena ez da Internet, beste mila esparrutan ere erabil daitekeen teknologia delako LI-FIa, autoetan adibidez: Fokuetatik beste autoei informazio bidaltzeko aukera egongo litzateke istripuak ekidinez.

Teknologia mota hau oso merkea eta kontsumo baxukoa da, ordenagailuaren ondoan bonbilla bat jartzearekin nahikoa baita, eta erabiltzen ez dugunean hau itzaltzeko aukera baitago, behar ez denean kontsumo elektrikorik ez sortzeko. Gainera LED bonbillak erabiltzen direnez, iraupen handia izango lukete argi emisore horiek, eta gainera ingurugiroari begira, produktu hauek ez dute ez merkuriorik ezta berunik ere.

ORAIN IDATZI